viernes, junio 26, 2009

EGIA, JUSTIZIA, ORDAINA

Gas laino, harri eta pilotakada artean joan ziren 1978ko sanferminak Iruñean. Tiroka sartu zen Polizia zezen plazara urte hartako uztailaren 8an, eta istiluak izan ziren Iruñeko kaleetan. Benetako balekin erantzuten zien Poliziak protestan zebiltzan gazteen harriei. Bekokia zulatu zion bala haietako batek German Rodriguez iruindarrari. Hil egin zen. Hil egin zuten. Bertan behera gelditu ziren sanferminak, eta protestak izan ziren Euskal Herriko hainbat lekutan Germanen heriotza salatzeko. Joseba Barandiaran ere halako batean hil zuen Poliziak, Donostian. Gertakari larriak izan ziren. Hilketak. Nafarroako 45 historialarik atzo aurkeztu zuten adierazpenak salatzen duenez, ordea, «isiltasunak estali ditu gertaera haiek, eta erakundeek ez dute urratsik egin egia berreskuratu, erantzuleekiko justizia eskatu, eta biktimekiko ordaintzarik lortzeko». Berriz egin dute eskaera, horregatik.

Bi adarreko eskaera da. Eraso hura aitor dezaten eskatzen diete lehenik Nafarroako eta Iruñeko erakundeei, eta, hala, historiari eta sanferminei dagozkien ekimen ofizialetan gertaturikoari buruzko azalpenak eman ditzatela. Bigarrenik, garai hurbileneko memoria historikoari dagozkion gaiak hezkuntza curriculumetan txerta ditzatela eskatu dute 45 historialariek adierazpenaren bidez.

Josu Txueka historialariak azaldu duenez, egia, justizia eta ordaina lortzea da helburua. Egun dagoen legedia herrena da, ordea, horretarako. «Memoria Historikoaren Legea deitzen dugun legeak ere hiru helburu horiek hartzen ditu bere barnean, gutxi gorabehera, baina kanpo uzten ditu trantsizio deituriko garaian gertaturikoak, kanpo 78ko gertakariak, eta German Rodriguez ere biktima gisa kanpo gelditzen da». Kanpo diren horiek ere barneratzea proposatu du Txuekak, eta horretarako lan egitea.

Justizia eta ordainaren bideak laburrak izan dira orain arte, baina Txuekaren hitzetan egiarena ere ez da erraza. Artxiboetarako sarbidea da arazoa. Azaldu duenez, Espainiako legediaren arabera, gertakariak gertatu, eta 50 urtera arte ez dago zenbait artxibo desklasifikatzerik. «Trantsizioa delakoaren historia egin nahi dugunok sarbide librea behar genuke halakoetara».

Mikel Sorauren historialariak dioenez, ezinezkoa da, bestalde, 78ko gertakariak gertakari soiltzat hartzea. «Frankismo garaitik postfrankismo garaira pasatzeko plan baten puntu gorena izan zen. 1936ko uztailaren 18aren intentsitate txikiko bertsio bat izan zen 78ko uztailaren 8koa. Askatasun eta demokraziaren alde ageri zen herri bati eskarmentua ematea zen asmoa».

Ramon Contreras historialariak dioenez, herritarrak, elkarteak eta peñak izan dira orain arte «oroimena bizirik mantendu» duten bakarrak. «Ezer gutxi egin dute erakundeek. 78az geroztik, shock egoeran daudela esan liteke».

Behin eta berriz jo dute, horregatik, herritarrek eta Iruñeko elkarteetako kideek egia, justizia eta ordaintza eske erakundeengana. Hainbat justizia adituren atxikipena zuen kexa testu bat aurkeztu zioten urtarrilean Nafarroako Arartekoari, justiziarik izan ez delako, prozedura judizialek emaitzarik izan ez dutelako, eta erakundeek hilketei buruz ezer esan ez, eta egia ezagutarazteko batzorderik sortu ez dutelako. Erakundeei testua helaraziko diela erantzun die Francisco Javier Eneriz arartekoak, betiere berak «gomendiorik eta iradokizunik» egingo ez diela zehaztuz, eta jasotako testua dagokien erakunde judizialei helaraziko diela esan die.

Egiaren batzordea

78ko sanferminei buruzko egiaren batzorde bat eratzeko mozioa aukeztuko du, gainera, Sanfermines 78: Gogoan! herri ekimenak Iruñeko Udalean.Uztailaren 2an izango da hori. Gertaturikoa jakitea da helburua, «belaunaldi berriek bertsio ofizialak eta ahanztura soilik jaso ez dezaten, gertatukoaren egia osoa baizik». Orain arteko xede bera, beraz; egia, justizia, aitortza. Horretarako, herritarren eta elkarteen aldetik ahalik eta parte-hartzerik handiena izatea ere proposatzen du mozioak.

(Berria. 09 / 06 / 26)