sábado, abril 25, 2009

BIHAR "CASTET EGUNA" 2009 OSPATUKO DA

Pasa den astean prentsaurrekoa eman zuten Zaldibarko udaletxean Maite Arrizabalagak, "Berriz 1936 Gogoratzen" elkartekoa eta Gaizka Zabartek, Zaldibarko "Castet" elkartekoa. Aipatu bi elkarteen eta "Durango 1936", Otxandioko "Andikona" eta Ahaztuak 1937-1977 elkarteen izenean hitz egin dute, Castet Egunaren berri emateko.

Hamazazpigarren urtez jarraian egingo dute "Castet Eguna". 1991an eratu zen Zaldibarren "Castet Kultur Elkartea". Santamañezarren 1937ko apirilaren 25ean borrokan hildako Iñaki Casteten izena hartu zuen Euskal Herria eta askatasunaren alde borrokan hildakoen omenez. Egun hartan, Intxorta jausita, borroka latza izan zen Santamañezarren faszisten erasoaldiari eutsi nahian. Berrogeiren bat gudari eta miliziano hil ziren. Horien guztien eta, oro har, Durangaldeko gudari eta milizianoen omenez egiten da Castet Eguna. Iaztik, gainera, aipatu Durangaldeko lau elkarteek eta Ahaztuakek egiten dute deia castet Eguneko ekitaldietarako.

Aurten honako egitaraua antolatu dute: apirilaren 24an, ostirala, 22:00etan Fermin Balentziaren kantaldia Gaztetxean. Apirilaren 26an, igandea, 11:00etan ekitaldia Santamañezarreko tontorrean. Hara igoteko hitzordua jarri dute 10:00etan udaletxeko plazan. 13:00etan luncha izango da Castet Elkartean.

Bost elkarteek dei egiten diete zaldibartar guztiei eta baita Durangaldeko beste herritarrei Castet Eguneko ekitaldietan parte hartzeko.

Berriz 1936 Gogoratzen Elkartea
Durango 1936 Kultur Elkartea
Andikona Elkartea (Otxandio)
Castet Elkartea (Zaldibar)
Ahaztuak 1937-1977