UPNk Iruñeko Rodezno kondearen plazari izena aldatu ez izanaren aurka agertu dira NaBai eta PSN. Plazari izena aldatzen ez bazaio Nafarroako Administrazio Epaitegira joko dutela iragarri du Iruñeko Udaleko PSNren bozeramaile Maite Esporrinek. «Bidegabea eta lotsagarria da UPNren jokabidea», salatu zuen atzo. NaBairen ustez, UPNk «frankismotik aldentzeko duen zailtasuna» erakusten du jokabide horrek, eta iragarri du helegitea jarriko duela. Memoria Historikoaren Legea bete eta izena aldatzeko eskatu zuten aurreko osteguneko osoko bilkuran NaBaik, hautetsi independentistek eta PSNk. UPNk, ordea, ez du halakorik egin. Esporrinek gogoratu zuen Rodezno kondeak -Tomas Dominguez Arevalo- 50.000 lagun hiltzeko zigor aginduak sinatu zituela 1936ko gerran.
(Berria. 09 / 03 / 11)