lunes, marzo 30, 2009

LAPURDIKO MILAKA EUSKALDUNEK EUSKAL HERRIANREN BATASUNA ISLATU ZUTEN KORRIKA

«Gora ta gora beti, hain gora Lapurdi!», dio kantak, eta atzokoan ikuskizun polita eskaini zuten bai, lapurtarrek, Korrika euren herrietatik pasatu zenean. Gipuzkoa atzean utzi zuen Korrikak, igandeko lehenbiziko orduetan, Donostian, Oiartzunen, Oreretan eta beste hainbat herritan ibili ostean. Korrikalariak Hondarribian zirenean, gutxi falta zen ustez gure herria zatikatzen duen mugara hurbiltzeko.

Irundik aurrera, nazioarteko zubitik barrena, Hendaian jarri zituen hankak Korrikak, Lapurdin barneratzeko asmoz. Akelarre euskal kulturaren aldeko elkarteak, Antxeta irratiak nahiz hainbat enpresatako langileek eraman zuten lekukoa Lapurdiko lehen metroetan. Jende askok eta askok hartu zuen parte atzokoan AEKren ekimenean.

Oro har, hainbat herritan jendetza batu zen, eta une oro jende talde ederrak gogor astindu zituen hankak Korrikako lekukoa Gasteizerako bidean jartzeko helburuz, euskararen aldeko jarrera irmo bezain sentikorrarekin. Elkarteen presentzia benetan handia izan zen, eta lapurtar batek azaldu zigunez, zinez emankorrak eta ugariak dira elkarteak Lapurdin, eta ekimen asko eta asko antolatzen dituzte.

Hala, Urruñan atxikimendua adierazi zioten euskarari Bakalau nahiz Ur-joko arraun elkarteek, Piarres Larzabal Ikastolak eta Gaztetxeak. Urruñan izan ziren Info 7 nahiz Journal hedabideetako langileak ere lekukoa eskutan.

Jarraian Ziburura, eta hortik Donibane Lohizunera. Jendetza bildu zen Donibane Lohizuneko kaleetan. Ikastolako umeak nahiz Haurtxoak guraso elkarteko kideak, Erantzun, Ihauteri eta Luzaz gazte pilota-elkarteak, eta Ur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria. Getarirako bidean, Hodei Barroso bertsolari gazteak, lekukoa eramateaz gain, bertsoa ere bota zuen Korrikako furgonetako kide batek mikrofonoa luzatuta.

Getaria, Bidarte eta jarraian Arbona. Bertan, herriko pilotari eta futbolariek, Primadera dantza taldekoek eta besta batzordekoek, herritar ugarik lagunduta giro ederra jarri zuten herrian.
Errugbi jokalariak ere bai

Eta ez zen gutxiago izan Biarritzen bizitakoa. Herrira sartzerakoan LAB, CFDT, CGT eta Solidaries sindikatuetako kideek egin zuten bat Korrikarekin. Jarraian ikastolako ume, gazte eta gurasoen bat egitearekin jendetza ibili zen herriko kale nagusietan barrena korrika eta oihuka, eta beti irribarretsu. Harroka elkartea, Chimeres eta Versant antzerki taldekoak eta Xantrea elkarteko emakumeak ere ikusi genituen. Eta sorpresa polita eskaini zuten Biarritz Olympique errugbi taldekoek, taldeko Leo indiarrez jantzita azaldu eta halaxe egin baitzuen korrika taldeari zegokion kilometroan.

Biarritzetik Angelura abiatu zen Korrika 12.00ak aldera. Bertan, herriko igeriketa taldeko kideak aritu ziren korrika eta korrika. Tarte honetan azaldu zen etxe eder bateko balkoian, ikurrina leiho ondoan zabalduta, kanpai handi bati dinbi-danba eragiten zion gizon bat korrikalariak agurtuz.

Angeluzain, Handoytarrak eta muslariak elkarteetako kideak, herriko alderdi politikoetako ordezkariak nahiz gaztetxekoak aritu ziren herri luze honetan barrena korrika. Baina askoz gehiago ere aritu ziren, partaidetza benetan zabala izan zen. Arraunlariak ere batu ziren Korrikara, baina ez nolanahi, hots, arku luzeak soinean zituztela! Ahaztuak elkarteko kideak ere ikusi genituen. Eta bereziki polita izan zen Bretainiatik etorritako delegazio baten parte hartzea. Bretoiek datorren urtean egingo dute Korrikaren bertsio propioa bigarren aldiz, Ar Redadeg izenekoa. Atzokoan, akaso inspirazio edo ideia bila, edo soilik elkartasuna luzatzeko asmoz Angelun izan ziren, eta bretoierazko oihuak ere entzun ziren atzokoan, «Adidadi, adidadi Ar Redadeg!», gure «Ttipi ttapa, ttipi ttapa Korrika!» leloaren parekoa.

Irudi izugarri politak ikusi ostean Lapurdiko hiribururantz hartu zuten bidea korrikalari kementsuek. Baionan Lapurdiko beste errugbi talde handi batek, -Biarritzeko taldearen aurkari sutsua, lehiaketan bada ere- hartu zuen lekukoa. Taldeko banderak eskuetan, jarraitzaile ugarik babestu zituzten Aviron Bayonnais taldeko ordezkariak. Eta hemen ere, beste herrietan bezala, elkarte mordoxkako ordezkariak izan ziren, hala nola Baionan Kantuz abesbatza, Euskararen Erakunde Publikokoak, Unibertsitateko ikasleak, Ibaia eta Agorrila enpresetakoak, Ikastola eta Lizeokoak, bertsolariak, gazteak...

Eki Erremundegi bertsolari gazteak ere bertsoa bota zuen Korrikako furgonetatik, besteak beste, gazteak Apirilean burutuko den gazte martxara joan daitezen animatzen.

Jendetza batu zen beste behin ere Korrika hiri handi honetatik pasa zenean. Baiona Ttipian murgildu zenean, jendez lepo ziren karrikak, txaloka, oihuka, korrika... jende asko eta asko benetan. Baiona atzean utzi, eta aurrera jarraitu behar, Korrika ez baita une batez ere gelditzen!, ez horixe. Mugerren Udaleko, Ikastolako nahiz kultur elkarteetako jendeak hartu zuen parte, baita hainbat kirolarik ere. Lyonnaise des Eaux, uraren kudeaketaz arduratzen den enpresak ere kilometro bat hartuta zuen. Enpresa hau euskalduntze planean murgilduta dago, eta konpromiso horren erakusgarri izan zen ere atzoko parte hartzea.

Mehaine, eta Beskoitzen beste hainbeste. Besta batzordeetako kideak, pilotariak nahiz hainbat enpresatako langileak.

Hazparnen ere harrera ezin hobea egin zioten Korrikari. Joaldunek ireki zuten bidea euren joareekin soinu itzela ateraz. Umeak, pozari ezin eutsi, aurrera eta atzera ibili ziren korrika, eta herriko ehunka bizilagun «Hazparnen ere euskaraz!» garrasika. Ezkia Ikastolako umeak, besta batzordea nahiz danborradako kideak.

Aiherra ez zen ez atzean gelditu herri txikixeagoa izan arren. Eihartzea elkartekoak nahiz Euskal Herria Zuzenean jaialdiko kideek eraman zuten lekukoa eta aurten uztailaren 4, 5 eta 6an izango dela iragarri zuten. Euren herria atzean gelditu bazen ere, tarte honetan batu ziren Korrikara Hazparneko Ttattola gaztetxeko kideak. Eta partaide berezia izan zen une batean, izan ere, Xipri Alberdi idazle eta euskaltzale lapurtarrak eskua tinko gora eraman zuen lekukoa.

Nafarroa Beherea eta Zuberoa

Paisaia izugarri politean barrena aurrera jarraitu zuen Korrikak. Izturitze, Donamartiri, Mehaine, Garrüze nahiz Donapaleuen barrena. Nafarroa Beheretik igaro eta gau erdia baino lehen sartu zen Zuberoako hiriburuan, Maulen, Korrika. Ondoren berriro ere Nafarroa Beherean murgildu eta Lapurdirako bidea hartzekoa zen gaur goizaldean.
(Gara. 09 / 03 / 30)