Zapatuan `Oroimenaren lehen Eguna´ ospatu zuen Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Nahiz eta eguraldiak ez lagundu, antolatzaileek ekimenaren balorazio positiboa egin dute. «Jaialdi hau antolatzen dugun lehen aldia izateko oso pozik gelditu gara. Prest gaude datorren urtean ere egun guztiko ekitaldiak antolatzeko».
Errepideen egoeraren ondorioz, Nafarroatik, Arabatik eta Gipuzkoatik Gernika-Lumora etortzeko asmoa zuten hainbat lagun bidean gelditu ziren. «Hala ere, egun guztian zehar 300 lagun inguruk parte hartu zuten `Oroimenaren Eguna´-ren ekitaldietan» adierazi du Martxelo Alvarez Ahaztuak-eko ordezkariak.
Eguneko lehen ekitaldian Ahaztuak-eko kideek eta herritarrek frankismo garaiko biktimak omendu zituzten Pasealekuko arkupeetan. Antolatzaileek Ahaztuak elkartearen hiru urteko ibilbidearen errepasoa egin ostean, Elai-Alaiko dantzariek ohorezko aurreskua dantzatu zuten ikurrinaz, bandera errepublikarraz eta lore sorta batez apaindutako aulki baten aurrean.
«Film hunkigarria»
«Omenaldi xume, sinplea eta erakargarria egin gura genuen. Gai honen inguruan oraindik azaleratu gabeko sentimendu asko daude. Omenaldi hauek sufrimendua gizarteratzeko ahalmena dute. Gure ustez, zauriak sendatzeko lagungarria da sentimenduak azaleratzea», azaldu du Alvarezek.
Arratsaldean, aldiz, Elai-Alai aretora lekualdatu zen jaialdia. Lehenengo 1984an GALek eraildako Mikel Goikoetxea `Txapela´ euskal errefuxiatuaren inguruko `Itsasoaren alaba´ film dokumentalaren estreinaldia izan zen.
«Jende guztia oso pozik gelditu zen film proiekzioarekin. Film hunkigarria da. Planteamendu guztiz gizatiarra du. Ez da panfleto bat, gogoeta gizatiar sakona egiteko aukera ematen du. Ideologietatik haratago doa», azaldu du Alvarezek. Jaialdiari amaiera emateko Fermin Balentzia bakarlariak eta Dangiliske taldeak kontzertuak eman zituzten. «Ekitaldiak aurrera eramateko garaian Udalak eta komunikabideek asko lagundu digute», aitortu du Alvarezek.
(Busturialdeko Hitza. 09 / 02 / 10)