domingo, febrero 08, 2009

FRANKISMOREN BIKTIMAK OMENDU DITUZTE GERNIKAN

Giro hotzari berotasunarekin aurre egin zioten atzo Gernikan bildutako lagunek. Frankismoaren biktimei omenaldia egiteko, 200 bat lagun batu ziren Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako Oroimenaren I. Egunean. Tartean, biktimak eta euren senideak. Gernikako dantza taldeak haiei guztiei eskainitako aurreskuarekin hasi zuten atzoko ekitaldia.

Argiñe Arregi, Jagi-Jagiko sortzaile eta erbestean hildako Candido Arregiren alaba, eta Diego Paredes, 1975ean fusilatutako Jon Paredes Txikiren anaia izan ziren ekitaldian. Memoriaren aldekoa mugimendu dinamikoa bilakatu dela, eta haren lanak, erakunde, agintari, hedabide, Eliza edo eragileak «memoriaren ispiluaren aurrean diren bezala agertzera» behartu dituela adierazi zuen.

Lehen Biltzar Nazionala

Omenaldiaren ondotik, I. Biltzar Nazionala egin zuten Ahaztuak-eko kideek, orain arteko ibilbidearen balantzea egiteko, eta aurrera begirako lan ildoak zehazteko. Horien artean, Francoren erregimenean kaleratutako epaien baliogabetzea sustatzeko neurri eta ekimen sorta abian jartzea aipatu zuten bileran. Halaber, diasporarekin lan egitearen garrantzia nabarmendu zuten aurrera begirako ildoen artean. Esparru horretan dagoeneko ari dira lanean, eta jakinarazi zutenez, diasporarekiko lanak dinamizatzeko elkarteari Cesar Arrondo Argentinako La Platako Unibertsitateko irakaslea batu zaio orain.

Herri bazkaria egin ostean, arratsaldean, GALek hildako Mikel Goikoetxea Txapela iheslari politikoaren bizitzari buruzko Itsasoaren alaba dokumentala estreinatu zuten. Fermin Balentzia kantariaren eta Dangiliske taldearen emanaldiekin eman zioten amaiera Gernikan bildutakoek Oroimenaren I. Egunari.

(Berria. 09 / 02 / 08)