Nafarroako Fusilatuen Elkarteko kide Josefina Campos «minduta» dago. Minduta, lehenik eta behin, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen frankismoaren gerra krimenak aztertzeko ekimena «berandu» zetorrelako. Eta, «minduta», epaileak atzera egin duelako. «Seguru nago, eraildako seniderik ez dute horrelako ekimenak aurrera egin dezaten trabak jartzen dituztenek», aipatu zuen atzo Camposek, Nafarroako Parlamentuan, memoria historikoari buruzko zikloaren barruan Nafarroako Fusilatuen Senideen elkarteak hitzaldia egin aurretik. Saio horrekin amaitu zen astelehenean hasitako hitzaldi zikloa.
Elkarteko lehendakari Mirentxu Agirrerekin eta Tomas Dorronsororekin batera egin zuen hitzaldia Camposek. Hirurak, zinez hunkitzen dira oraindik ere 36ko gerran eta frankismoan gertatutakoak oroitzean. Agirre, Lizarrako alkate izandako Fortunato Agirreren alaba da. Taxoaren aurkitu zuten aitaren hilotza. «Laguntza behar dugu, askoren heriotza agiriak oraindik ere ez baititugu lortu», aipatu du. «Eta agiririk gabe, senideek ezin dute laguntzarik jaso», gehitu du Camposek. Izan ere, ehunka hilotz daude oraindik ere lurpean Nafarroan. Ez dakite zenbat, senide asko ez dira-eta haien bila joan. Beste askok ez dute seniderik bizirik. Hori bai, emakume biek bat egin dute gorpua aurkitzean sentitzen den poza «azaldu ezina» dela esateko orduan.
Tomas Dorronsoren aita, Corpus -Iruñeko alkateorde izandakoa-, anaia Jesus, eta osaba Jesus baita ere, hil egin zituzten. Dorronsorok, urte hauetan guztietan gizarteak eman dien babesa eskertu du. Hala ere, 70 urtetan alderdi ezkertiar bakar bat ere haiekin ez gogoratu izanak «tristatu» egiten du. «Alderdien utzikeria erabatekoa izan da».
Nafarroako Fusilatuen Senideen elkartea 2002an sortu zen, eta, harrezkero, makina bat lan egin ditu. Fusilatuen duintasuna berreskuratzea da haien xedea, eta, hartarako, hobiak bilatu eta gorpuak exhumatzeko lanetan 400 lagun inguruk dihardute. Aurtengo maiatzean inauguratutako Sartagudako Memoriaren parkea izan da preseski lan horren ikurretariko bat. Berriki, halaber, Nafarroako Parlamentuan desagertuak ikertzeko batzorde berezi bat eratzeko eskatu dute. Ekimena tramiterako onartu zuten aurreko astelehenean, NaBairen, NEBren eta PSNren aldeko bozekin.
(Berria. 08 / 11 / 20)