miércoles, noviembre 19, 2008

JUSTIZIA EGITEKO BIDEAK ZAILDU DITU AUTOAK, SENIDEEN USTEZ

Frankismoaren aurkako auzia bertan behera uzteko Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzonen erabakiak hoztu egin du 1936ko gerrako biktimen senideek izan zezaketen itxaropena. Auzitegi Nazionalean salaketak jarri zituzten senideak, eta memoria historikoaren elkarteak ordezkatzen dituen Fernando Magan abokatuak argi dauka epaitegien bidetik, edo estatu botereen bidetik, nolabait konpondu beharko dela arazoa: «Honek ezin du berdinetan jarraitu; gizarteak, kaltetuek eta biktimek ezin dute zalantza eta segurtasun gabezia honetan egon».
Garzonen autoa aztertzeko patxada eskatu du Maganek, baina ezustekoa hartu duela aitortu du. Orain ez du argi zer gertatuko den auziarekin: «Hau mordoilo juridiko bat da; prozedurari, analisiari eta edukiei buruzko arlo juridikoko gatazka handia dago». Garzonen erabakiak zaildu egingo du bide judiziala, Maganen ustez: «Egunetik egunera, korapilatsuagoa da bide judiziala, baina nonbaitetik etorri beharko du argitasun pixka bat». Lurralde auzitegiek hartu beharko dute ardura, Maganek dioenez: «Uste dut salaketa guztiak lurralde auzitegietara doazela. Hildakoen zerrenda guztiak ere hara joango dira eta adituek osatu egin beharko dituzte». Maganek ez du oraindik autoa osorik aztertzeko astirik izan: «Hau guztia oso ondo neurtu behar da. Ikusiko dugu nahikoa den lurralde auzitegietako bidearekin».
Hari mutur gehiago auzibidean
Orain artean senideen elkarteek auzitegian salatu ez duten beste arazo bat azaleratu du Garzon epaileak azken autoan, desagertutako haurrena. Izan ere, frankistek hainbat haur kendu zizkieten gerrako galtzaileei. Maganek nabarmendu du haur haietako batzuk bizirik daudela eta, beraz, auziak beste bidebat har dezakeela mutur horretatik.
Nafarroako fusilatuen senideen elkarteko Joseba Ezeolazak zorrotzago kritikatu du Garzonen erabakia: «Hau egiteko ez zegoen hainbesteko zalapartaren beharrik. Bidegabekeria bat da. Oso iritzi txarra daukagu Garzonen erabakiaz». Errepresioa orokorra izan zela eta, hortaz, frankismoa epaitzeko arrazoiak «sobera» daudela uste du Ezeolazak.
Gorpuak hobietatik ateratzeko lana nabarmendu du, hala ere, Ezeolazak: «Hori da garrantzitsuena. Guk gorpu bat senideei ematen diegunean, ez gara arazo pertsonal bat konpontzen ari, arazo kolektibo bati ari gara aurpegi ematen». Ezkabako gotorlekuaren (Nafarroa) egoera aipatu du: «Duela urtebete sei gorpu eman genizkien senideei, eta Gobernuaren diru laguntzarekin egin genuen, eta orain horrela egotea surrealista da».
«Behintzat», lan horrekin jarraitzeko eta epaiketak lurralde auzitegietan jarraitzeko «atea zabalik» utzi du Garzonek, Ezeolazaren esanetan, eta ez dutela etsiko adierazi du: «Gure eskuetan dauden bide judizial eta politiko guztiak erabiliko ditugu, eta lurralde auzitegiek beren lana egiten ez badute, nazioarteko auzitegietara joko dugu».
«Pena eman digu», adierazi du Ahaztuak 1936-1977 elkarteko Martxelo Alvarezek, «jende askok itxaropen handiak zituelako, eta haientzat zaplateko baten modukoa izan delako». Alvarez ez da sobera harritu Garzonen erabakiarekin: «Hasieratik esan genuen Garzonen autoa txalogarria zela, baina orain arte bizirik iraun duen zigorgabetasun eredua erakusten zuela; ez da posible 2008 urtean egotea eta, oraindik, desagertuen zerrendak egin gabe egotea».
Hainbat hilketaren erantzuleak zigorrik gabe uzteko erabakia egon da indarrean Espainian, Alvarezen ustez. «Horren aurrean, familiek, biktimek eta gizarteak egin duten lanarengatik egon da bizirik gaia, ez epaileek, fiskalek eta politikariek egin dutenagatik», Alvarezen esanetan. PSOEk eta Espainiako Gobernuak zigorgabetasun eredu horri eustea erabaki dutela uste du Ahaztuakeko kideak. «Guk ez dugu etsi, espero ere, ez genuelako gauza handirik espero», nabarmendu du Alvarezek. Bide judiziala trabatuta ikusten du, baina orain artean bezala lanean jarraituz gero, «indar egiten bada», aukera hori berreskuratzeko modua ikusten du.
(Berria. 08 / 11 / 19)