Biktimen elkarteek bultzatuta, lau buruzagi nazi Estatu espainolean epaituak izateko ekimena onartu du Auzitegi Nazionalak. Ahaztuak 1936-1977 da kereila aurkezten lagundu duen elkarteetako bat. Izan ere, prentsa ohar batean azaldu zutenez Alemaniako kontzentrazio zelaietan ehunka euskal herritar hil ziren. Frankisten garaipenetik ihesean Estatu frantsesean errefuxiaturik zeudela harrapatuak izan ziren.
Mauthausen, Sachsenhausen eta Flossenberg kontzentrazio zelaietako arduradun ziren John Demjanjuk, Anton Tittjung, Josias Kumpf eta Johann Leprich, «gerra krimenak» eta «gizateriaren kontrako delituak» egotzita epaitzea da biktimen elkarteen helburua. Hain zuzen ere, 5.000 espainiar hil izana leporatzen diete.
SSetako kide ohiek Bigarren Mundu Gerraren ondoren Ameriketako Estatu Batuetara ihes egitea lortu zuten eta bertako herritartasuna eskuratu zuten. Hala ere, azken urteotan haien jatorria ezagun egin denez, hango naziotasuna kendu egin diete eta horrek, estradizio eskaerak aurrera joateko aukerak areagotzen dituela ohartu ziren elkarteak. Honakoa izango litzateke Nazi Alderdiko kideen kontra 1946an Nuremberg-eko epaiketaren ondoren lehenengoa.
Ahaztuak-eko kideek gaur goizean ezagutaraziko dituzte gai honen inguruko xehetasun gehiago Bilboko Alde Zaharreko La Bolsa eraikinean egingo duten agerraldian. Horretarako hitzordua 11.00etan jarri dute eta bizirik iraundakoak, biktimen senideak eta instituzioak bertan izango direla adierazi zuten.
Zigorrik ezaren adierazle
Frankismoaren biktimen elkarteak Baltasar Garzon epailearen ekimenaz duen iritzia ere agertu zuen. Izan ere, Auzitegi Nazional espainoleko epaileak fusilatu, desagertu eta lurperatutakoen errolda bat egiteko asmoa duela adierazi du eta, horretarako, informazioa emateko eskatu die Madrilgo Gobernuari, Gotzainen Batzarrari eta zenbait udaletxeri.Ahaztuak-en ustez, jokabide honek argi eta garbi uzten duena da Estatu espainolean nagusitu den «zigorgabetasuna». Azaldu zutenez, ekimen honekin agerian geratzen da ez direla neurri egokiak hartu «egia, justizia eta frankismoaren biktimen ordaina» ahalbidetzeko. «Horren adierazle garbia da 1936ko uztailaren 18tik hirurogeita hamar urte igaro direnean eta Franco diktadorea hil zenetik hogeita hamar, oraindik egin gabe egotea frankismoan zehar errepresaliatu, hil eta desagerrarazi zituzten pertsonen errolda ofizialik», salatu zuten.
Estatu espainoleko «zigorgabetasun eredua» kritikatu zuten, «eutsiezina» dela adieraziz. Izan ere, Justizia administrazioak berak argitu beharreko gaiak herri ekimenaren, familia elkarteen edo Ahaztuak moduko kolektiboen bitartez eraman direla aurrera jakinarazi zuten.
Egoera berri hau begi onez ikusten du biktimen elkarteak, baina, era berean, azaldu zuten aspalditik eskatzen ari ziren neurria dela frankismoaren krimenen benetako izaera ezagutzeko. Asmo horren muina zehaztu zuten: «Ez historiarako edo gertatutakoaren dokumentazio gisa, milaka biktimentzat justizia lortzeko baizik».
Ikerketa honek nola bukatuko duen ezin dezaketela jakin ere adierazi zuten Ahaztuak-eko kideek, baina soilik oihartzun mediatikoa bilatzeko ekimen batean ez geratzea espero dutela, eta, horrela, behingoz, «egiari, justiziari eta biktimei ordaina ematea».
(Gara. 008 / 09 / 3)