Mendekurik ez du nahi. Egia jakitea, fusilatuak duintzea, hori da haren asmoa. Eta horretan eman du bizitza osoa Josefina Camposek (Azkoien, Nafarroa); orain, orduak negarrez eman ondoren, "Los fusilados de Peralta, la vuelta a casa, 1936-1978" (Azkoiengo fusilatuak, etxerako itzulera, 1936-1978) liburua plazaratu du Pamielarekin. 66 urte ditu, eta jostuna da. «Sarraski hartan gertatutakoa jakin behar dugu, gauzak errepika ez daitezen».
Familia ezkertiarrekoa da. Haren osaba, Jose Orduña, fusilatu egin zuten 1936an. Txikitatik entzun ditu etxean gerrari buruzko gauzak. Izan ere, aita elbarri geratu zen Camposek hiru urte pasatxo zituela, eta, harrezkero, hura bisitatzera jende asko joaten zen haien etxera; ia guztiak, sarraskiaren biktimak.
Falangearen eskola batean ikasi zuen, Iruñean. «Eskolan gerrari buruz hitz egiten zigutenean gorriak ziren gaizkileak, Satanas ziren; baina, aldi berean, etxean ikusten nuen gurasoak gorriak zirela eta ez zirela gaiztoak, ez zutela adarrik». Edonola ere, 36ko biktimei buruz hitz egiten duenean, maitasuna nabaritzen da bere hitzetan. «Herri lurren alde egin zuten; ezkerrekoak edo eskuinekoak izan baino gehiago, justiziaren alde egiten zuten».
Liburuaren ale batekin batera, eskutitz bat bidali behar dio aurki Espainiako Auzitegi Nagusiko epaile Baltasar Garzoni. «Garzoni idatzi behar diot desagertu diren datu guztien berri emateko. Azkoienen gauza asko falta dira ezagutzeko. Heriotza agiri asko falta dira, adibidez».
Zer deritzozu Baltasar Garzon fusilatuen dokumentazioa biltzen hasi izanari?
Berandu da, baina oraindik duindu ditzakegu fusilatuak. Informazioa bildu behar da. Izan ere, fusilatu gehienek ez dute parrokietako eta udaletako heriotza agiririk. Jaio ziren, ezkondu ziren... baina ez dute hil zirela dioen dokumenturik. Are gehiago, gezurra dioten agiri asko daude. Esaterako, Azkoiengo lagun baten heriotza agirian jartzen du barne hemorragia baten ondorioz hil zela. Ez du jartzen, ordea, gau batez, haren etxetik lau metrora, emaztearen aurrean, tiroz hil zutenik. Gainera, beste herrialde batzuetan ez bezala, hemen ez dute inor epaitu.
Hala ere, mendekurik ez duzula hartu nahi diozu.
Ez, ez dut nahi besteentzat niretzat nahi ez dudana. Baina artxibo guztiak plazaratu behar dira, hilotz guztiak berreskuratu, sarraski hura errepika ez dadin. Ezin da esplikatu familia batentzat zer den hilotzak berreskuratzea. Gertatutakoa gogorarazi behar dela uste dut. Inoiz ez dut mendeku hitz bat entzun biktimen ahotik, eta familia batzuetan hamaika senide fusilatu zituzten.
Azkoienen 1936an hildakoen heriotza agiri batzuk eraman zituztela kontatzen duzu liburuan.
Itzulera Operazioan geundela (1978an), norbaitek 36ko heriotza agiriak kendu zituen hilerriko liburutik. Dokumentuak falta dira.
Gaur egun ere, gauza berriak azaleratzen ari dira.
Bai, Don Eladio Zelaia apezaren historia, adibidez. Azkoiengoa zen, eta Kasedako parrokoa. 1936an fusilatu zuten nazionalek, baina egia ez zen duela gutxi arte jakin. Hala ere, etxeetan komentatzen zen nola moztu zioten burua gerran. Etxe barruan esaten ziren gauza horiek, beldur handia baitzegoen hitz egiteko.
Zure osabarena ere hilotzak ateratzen hastean atera zenuten, 1978an. Nolakoa izan zen une hura?
Nire amak salto egin zuen hilobira, korrika. Bat-batean ezagutu zuen. Ezin da esplikatu zer sentitu genuen. Etxera ekarri izan bagenitu bezala izan zen, zuzenean hitz egiten genien hilotzei.
Zeintzuk izan dira liburua idazteko erabili dituzun iturriak?
Urteak eman ditut informazioa biltzen. Ahozko testigantzak, udaletxeetako agiriak, auzitegietakoak... Denetarik bildu dut. Jose Maria Jimeno Juriok ere dokumentuak bidali zizkidan. Gainera, pertsona askok dokumentazioa ekarri didate. Liburua inprentan egonda ere, paperak eta argazkiak ekartzen jarraitu du jendeak; bileren agiriak, adibidez. Izan ere, 1978an hasi nintzen liburua idazten, aldizka, haur txikiak nituen eta. 2005ean, baina, lana amaitu behar nuela agindu nion neure buruari.
(Berria. 08 / 09 / 30)