Bigarren Mundu Gerrak iraun zuen urteetan, nazien aurkako hainbat talde klandestinok -Madrilen zeuden aliatuen zerbitzu sekretuek eta enbaxadek sostengatzen zituztenak- Euskal Herriko muga gurutzatzen zuten erresistentzia eta alemanen jazarpenetik ihes zihoazenak babestu eta berriro aliatuen aldera itzultzeko. Iheslariek usaian ibilbidea Gibraltar edo Afrika iparralderaino egiten zuten, eta handik Londres aldera eramaten zituzten.
Cométe sarea aliatuen abioi-gidariak jasotzen espezializatutako erakundea zen, izan ere, gidariak Londresetik etengabe ateratzen baitziren alemaniarren edo hauek hartutako Europaren helburu estrategikoetan bonbak jaurtitzera. Abioi horietako asko Holandara, Belgikara edo Frantziara joaterakoan edo etortzerakoan lurrera botatzen zituzten, eta gidariak bizirik ateratzen baziren, nazien esku erortzeko arriskua izaten zutenez, ondorio latzak izaten zituztela erraza da pentsatzea: fusilamenduak, torturak, eta edonola, kontzentrazio-zelaiak. Cométe sarea hainbat urtez aritu zen abioi-gidari hauek lurreratzen zituzten toki ezberdinetatik jasotzen. Gero, ofizialki «neutrala» zen Francoren Espainiara bideratzen zituzten, ondoren, berriro euren tokietara eramateko.
Bidaia maiz Bruselan hasten zen, gero Parisera heltzen zen, eta muga igaro aurretik, Donibane Lohizunen eta Ziburun elkartzen ziren. Jarraian, Bidasoa ibaia gurutzatuz, muga gainditzen zuten, eta horrela bidaia luze bati amaiera ematen.
Cométe sareko osatu zuten partaide zaharrek -tartean mugaren bi aldeetako euskaldun asko- garai haietako hegazkin-gidariek eta Urdaburu mendizale taldearen laguntzarekin, antolatu dute -aurten bederatzigarren aldiz- oroitzapenezko ibilaldi hau. Irailaren 13an Ziburu herrian hasi eta biharamunean Oiartzunen amaituko da, horretarako prestatu den egitarau zabal bat beteaz.
Jada badira 67 urte 1941ean, Cométe sarea sortu zela. Ihes-sarea antolatu zuen talde txikia Belgikatik Euskal Herrira etorri zen, eta hemen, hainbat harreman izan zituen Francoren aurkako euskal talde batekin, haiek lagundu baitzioten Bidasoa nondik igaro behar zen erakusten eta iheslariak jasotzen. Hala, uda hartan, Dedee De Jongh belgikar emakume gaztea Bilbora etorri zen, eta euskal taldearen laguntzarekin, britainiar Kontsulatuan azaldu zen eta herrialde hauetako zerbitzu sekretuekin harreman sendoak hasi zituen Cométe erakundea sendotu eta egituratzeko, zeinak, hainbat gorabehera izanagatik, bizirik iraun baitzuen alemaniarrek 1944ko abuztuan Frantzia utzi zuten arte.
Oroitzapen ibilaldi honetara, beste urteetan bezala, hegazkin-gidari zaharren ordezkaritza bat eta Cométe sareko partaideak etorriko dira. Eta sendi eta lagunek osatuko duten ibiltari talde polit batek Ziburu herritik Oiartzunerako ibilbidea -aurten, talde bat Hernaniraino joango da eta beste bat Oiartzunera- oinez egingo du bi egunez, nazi-faxismoaren aurka ikuspegi eta nazionalitate ezberdinetatik esku hartu zutenei omenaldia eskaintzeko.
Oroitzapen ibilaldi honetara, beste urteetan bezala, hegazkin-gidari zaharren ordezkaritza bat eta Cométe sareko partaideak etorriko dira.
(Berria. 08 / 09 / 11)