miércoles, julio 09, 2008

OROIMENAREN SUGARRA BIZIRIK

"Bi lagun, bi odol bera". 1978ko uztailean Iruñean Espainiako Poliziak German Rodriguez LKIko kidea tiroz hil zuen, eta, biharamunean, hilketa hura salatzeko protesta batean, beste polizia batek Joseba Barandiaran hil zuen Donostian. Geroztik, 30 urte iragan dira, eta denbora tarte horretan ez da inor ikertu, ezta epaitu ere. Hamaika saio egin dituzte gertaerok ahanzturaren zulo beltzean erorarazi nahian.
Haatik, memoriaren sugarrak bizirik dirau Iruñean, eta erresistentzia horren sinbolo argiena da Germanen hilarria, duela urte batzuk UPNren Iruñeko Udalak kendu zuen hura, eta iaz udalbatzako oposizioak bere betiko tokira itzultzea onartu zuen. Urteurrena baliaturik, atzo 78ko Sanferminak Gogoan taldeak, peñek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Rodriguez eta Barandiaran omendu zituzten, Orreaga etorbidean. Xabier Diaz Esartek esan bezala, «non eta hemen, poliziak duela 30 urte sanferminzale gazte baten bizi taupada zulatu zuen tokian bertan».

Han ziren atzo, eguerdian, adiskide eta alderdikideak 78ko Sanferminak Gogoan zioen pankartari heltzen: besteak beste, Ramon Contreras, Josu Txueka, Patxi Lauzirika eta Begoña Zabala. Goiz hasierako freskotasuna bero sapa bihurtu zen ordurako, baina ez zen oztopo izan 600 lagun inguruk babesa emateko.

Omenaldian, hilarria bere tokian dela baliatuta, plataformak «egiaren, justiziaren eta ordainaren aldeko mezu gardena» azpimarratu zuen. Erabat hunkituta, Miren Egaña plataformako kideak agiri bat irakurri zuen.

Haren iritziz, 30 urteotako ikasgaiak «arras garbi» utzi du «ahaztura, isiltasun eta zigorgabetasunaren gainean» ezin daitekeela ezer eraiki: «30 urte horietan nahi izan dute gertaera haiek ahantz ditzagun, gure oroimenetik ezabatu nahi izan dituzte, bere zigorgabetasuna bermatzeko eta gu erasotzen segitzeko».

Horregatik, «erresistentzia oso garrantzitsutzat» jo du. Hilarria oraindik zutik egotea erresistentzia horren sinboloa da, «ahazteari amore eman ez diogun seinale baita». Eta hortik haratago, ozen oihukatu du Egañak inoiz ere ez zaiola herriari eraso behar «etekin politikoak lortzeko».

Galdera sorta bota du, festetan den hiriaren zirimola akustikoan erantzunik gabe geratu direnak: «Sistema honetan ez al dago epaitegirik, instituzio politikorik gertaera haien bidegabekeria aitortzeko gai denik, barkamena eskatzeko gai denik, errudunak aulkian esertzeko eta sortutako kaltea ordaintzeko gai denik?».

"Jarauta 69" txarangaren musikak eman zion hasiera omenaldiari. Hunkigarria izan zen, hilarriaren aurrean, gizon batek ikurrina erraldoi bat hartu, eta, jirabiraka, bildutako jende guztiaren aurrean dantzarazi zuenean. Saioa Akeiza, berriz, bere bertsoan Germani zuzendu zitzaion: «... Akaso ez duzu jasoko, baina, hartu mezu bat hemendik: herri memorian German betiko egongo zara bizirik».

Joseba Barandiaran ez zen ahaztua izan. Iruñean izan ziren haren senide Rosa Bolaños eta anaia Jose Miguel Barandiaran. Haiek eskaini zioten lore sorta German Rodriguezi, hilarriaren aurrean. Ondoren, bi dantzarik aurreskua dantzatu zioten.

Baina izan zuen ere kantarik bere omenez: Fer Izquierdok idatzia, Mikel Elizagak musikaratua, Fermin Balentziak abestutakoa, eta omenaldirako espresuki sortua, Hilarria abestiak eman zion amaiera ekitaldiari.

Isilunea eta manifestazioa

Arratsaldean, peñek minutu bateko isilunea egin zuten, eta lehen zezenean ez zuten musikarik jo. Gero, Orreaga Etorbidera jo zuten berriro, eta presoen aldeko kalejira abiatu zuten. Hiru mila lagun inguru joan ziren Espainiako Gobernuaren ordezkaritza aurrera, eta Poliziarekin tentsio une batzuk izan ondoren, Germanen hilarrira itzuli ziren.

(Berria. 08 / 07 / 9)