sábado, julio 12, 2008

JOSEBA BARANDIARAN ZENA OMENDU DUTE ASTIGARRAGAN


Joseba Barandiaran astigartarra hil zutela 30 urte betetzear direla, omenaldia izan zen atzo iluntzean Astigarragan (Gipuzkoa). Donostian ere egin nahi zuten omenaldia Barandiaranen lagunek, baina, horiek adierazi zutenez, Ertzaintzak ez zien utzi, baimenik ez zutela argudiatuta.

Joseba Barandiaran 1978ko uztailaren 31n hil zuen Espainiako Poliziak, Donostiako Aldapeta kalean. Poliziak sanferminetan German Rodriguez erail zuela salatzeko protestetan parte hartzen ari zela egin zioten tiro Barandiarani.

Donostiako ekitaldiaren lekukoek azaldu zutenez, Barandiaranen argazkia zeraman pankarta kendu egin zien Ertzaintzak, eta bertan bildutako lagun guztiak identifikatu zituen. Azkenean, lore sorta bat bakarrik utzi ahal izan zuten Barandiaran hil zuten lekuan.

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, ordea, bestelako bertsioa eman zuen. Horrek azaldu zuenez, ez zen inolako arazorik izan, eta ertzainek bi laguni baizik ez zieten eskatu identifikatzeko.

«Erabilpen lotsagabea»

Donostiako udal talde independentistak Ertzaintzak izandako «jarrera oldarkorra» salatu zuen. Talde independentistak azaldu zuenez, «herri honetan ez dute uzten estatu terrorismoak hildako pertsonak oroitzen. Hau da beraiek eskaintzen diguten 'demokrazia'».

Joseba Barandiaran hil zutela 30 urte bete direla eta, inor ez dutela epaitu eta zigortu salatu zuen talde independentistak. Ardura politikoak ere argitzeko daudela azaldu zuen.

Donostiako alkate Odon Elorzak «gatazkaren erabilpen lotsagabea» egiten duela uste du udal talde independentistak: «Biktimak zein diren eta zein ez erabakitzeko bi neurgailu dituzte, eta kasu honetan bezala, beraiek erabakitzen dituztenak hortik kanpo uzten dituzte».
(Berria. 08 / 07 / 12)