sábado, julio 26, 2008

ARGENTINAKO MILITAR OHI BATI BIZI GUZTIRAKO ESPETXE ZIGORRA EZARRI DIOTE. Diktadura garaian gizateriaren kontrako krimenak egitea leporatzen diote


Luciano Menendez jeneral ohiak Argentinako diktadura garaian-1976. eta 1983. urteen artekoa- egindako gizateriaren kontrako krimenengatik ordaindu beharko du. Egun 81 urte dituen arren, herrialde hartako legediak ezartzen duen zigor handiena betearaziko diote. Bizi guztirako espetxeratzea ezarri dio Cordoba probintziako Ahozko Auzitegi Federalak. Eta kartzela arruntean eman beharko ditu hil arteko urteak, ez bere etxean 70 urtetik gorakoentzat legeak ezartzen duen bezala.

Erruduntzat jo du epaileak: 1977. urtean ezkerreko lau militante bahitu eta hainbat egunez torturatu ostean hiltzea leporatu dio. PRT Langileen Alderdi Iraultzaileko Humberto Brandalisis, Hilda Palacios, Raul Cardozo eta Carlos Lajas izan ziren Menendezen biktimak. Cordoba probintziako kontzentrazio gunerik handienean, "La Perla"n, torturatu zituzten. La Perlatik 2.300 lagun inguru igaro ziren diktadura garaian, eta hamazazpi baino ez ziren bizirik atera.

Maiatzeko Plazako Amonen presidente Estela Carlottok, beste hainbat giza erakundetako buruek eta Argentinako hedabideek «historikotzat» jo duten epai horrek beste zazpi militar ohi ere hartzen ditu barnean. Hala, Oreste Padovan, Luis Manzanelli, Carlos Diaz eta Ricardo Cardozor garai hartako armadako kideei ere bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diete. Hermes Rodriguezi eta Jorge Acostari, berriz, 28 urtekoa. Eta Carlos Vega ofizialordeari 22koa. Guztiak La Perlan egindakoen egile intelektualtzat eta materialtzat jo dituzte. Epaileak, gainera, militar izandako horietako batzuek aurretik zuten etxeko atxiloaldi agindua baliogabetu du.

Damurik ez

Joan den maiatzaren 27an hasi zen prozesuaren azken saioa izan zen atzokoa. Eta aurreko alditan ez bezala, epaitegian izan ziren akusatuak. Orain arteko jarrerari eusten diola argi utzi zuen Menendezek: diktadura garaian egindakoaz ez dela damutzen. «Gaizkile subertsiboek hamar urtean odoldu zuten Argentina. 1.500 lagun hil zituzten», argudiatu zuen, lasaitasun osoz, jeneral ohiak epaia entzun aurretik. «Aberkideengatik eta haiek aginduta borrokan egin eta garaile atera ziren soldaduak epaitzen dituen lehen herrialdea da hau». Era berean, Nestor Kirchner presidente ohiari eta egun Argentinako gobernuko burua den Cristina Fernandezi erreferentzia eginez, «70. hamarkadako gerrillariak» egun agintean daudela salatu zuen.

Irainak eragin zituen Menendezen parte hartzeak. Epaiketan presente zeuden biktimen familiartekoak-Cordoban egin den lehen epaiketa publikoa izan da- oihuka erantzun zieten haren esanei, eta aretotik irtenarazi zituzten poliziek. Eta kalean bazen ere, oihuekin jaso zuten, minutu batzuk geroago, epaia. Pozezko oihuekin.

Atzokoa ez da izan Argentinako diktadura garaian egindako sarraskiengatik Menendez epaitzen duten lehen aldia. 1988an 47 lagunen hilketagatik, beste 76 torturatzeagatik eta lau lapurreta egin izana egotzita auzipetu zuten. Bi urte geroago, ordea, orduan presidente zen Carlos Menemek barkamena eman zion.

Eta espetxearen ateetan ere, zorretan da oraindik. PRTko lau militanteen hiltzailetzat ez ezik, La Rioja probintziako bi apaiz katolikoren hiltzailetzat ere salatu dute. "Condor Plana" jarraituz 70 eta 80. hamarkadetan Hego Amerikan egindako hainbat krimenen ardura ere leporatzen diote militar ohiari.

(Berria. 26 / 07 / 08)