1976ko martxoaren 3an Polizia Armatuak Gasteizko Zaramaga auzoko San Frantzisko Asiskoaren elizan batzartuak zeuden bost langile hil eta ehunka zauritu, haietako 42 balaz, izanaren «erantzukizun politikoa» orduko Espainiako Gobernuko Barne ministro Manuel Fraga, Rodolfo Martin Villa Harreman Sindikaletarako ministro eta Alfonso Osorio Presidentziako ministroari leporatu dio Eusko Legebiltzarrak, batzorde berezi batek gertakari horien inguruan egindako memorandum-aren tesiak onartuta. Legebiltzarrak atzoko osoko bilkuran eztabaidatu zuen txostena; EAJ, EA, PSE-EE, Aralar eta EBek aldeko botoa eman zuten eta Ezker Abertzalea legebiltzar taldeak eta PPk aurkakoa.
Orain arteko bertsio ofiziala ukatzen du onartutako ebazpenak. Batzartuta zeuden langileen aurka oldartzeko agindua Espainiako Gobernuak eman zuela frogatutzat eman du, baina ez du zehaztu zein goi karguk hartu zuen erabakia. Halaber, argitu gabe utzi du langileen batzarra sakabanatzea aurrez planifikatutako erabakia izan zen edo ez.
Azken puntu hori argitzeko eta, inolako frogarik aurkitu ezean, txostenean «zantzu moduan» aipatzeko eskatu zion Martxoak 3 biktimen elkarteak batzordeari. Halaber, Poliziak Gasteizen izandako jokaera «gehiegizkoa» izan zela eta giza eskubideak urratu zituela dio txostenak. Aipatutako elkarteko kideek diotenez, salaketarekin batera «iraganean egindako gehiegikeriak zuzentzeko eskaera» aipatu beharko luke txostenak. Eginiko gomendioak ez direla jaso kritikatu zuen atzo Andoni Txasko bozeramaileak. Horrekin batera, legebiltzarrak ez dituela kaltetuak biktima moduan onartzeko konpromisorik hartu salatu du.
Konpentsazio neurririk ez
EHAK-ko eledun Itziar Bazterrikak adierazitakoaren arabera, Legebiltzarrak onartutako txostenak ez du biktimen «benetako» errekonozimenduaren aldeko «konpromiso seriorik» hartu, eta horregatik eman dute kontrako botoa. Legebiltzarraren ebazpena labur geratu eta «aurrerago» jotzearen alde azaldu da. Alde bozkatu badu ere, EAko eledun Rafa Larreinak memoradumaren edukiekin «pozik» ez dagoela aitortu du, eta Bazterrikaren moduan, «aurrerago jo» beharra dagoela adierazi du. Euskal erakundeek halako gertaeren aurrean erantzun behar dutela uste du Larreinak.
Dena den, «teknikoki ezinezkoa» zelako txostenean ez dela biktimentzako konpentsazio neurririk jaso azaldu du Aintzane Ezenarrok. «Epe labur batean» Martxoaren 3ko gertakarietan kaltetutakoak terrorismoaren biktima moduan onartuak izango direla adierazi du Aralarreko legebiltzarkideak.
Carmelo Barriok (PP), berriz, 1976ko gertakariak deitoratu ditu, baina ebazpenaren alde bozkatu duten alderdiek «epai politikoa» egin nahi izan dutela salatu du. PPren kritikei erantzunez, Maixabel Azpillaga EAJko legebiltzarkideak esan du, «ideologien arabera biktimak bereizten» dituela PPk.
Nolanahi dela, ebazpenak dio «egiaztatutako gertakari objektiboetan» oinarritu dagoela txostena. 1976 gertaeren lekukoek Legebiltzarreko agerraldietan egindako ekarpenekin eta Valentin de Foronda EHUko historia sozialeko institutuak egindako txostenarekin landu du batzordeak azken testua. Puntu horretan, Kontxi Bilbao EBko legebiltzarkideak Fraga edo Martin Villaren «isiltasun konplizeak» salatu ditu, ez baitute ikerketan parte hartu.
2007ko otsailean legebiltzarrak onartu zuen moduan, ikerketa batzorde eratzeaz gain, martxoaren 3ko biktima guztiak aitortzeko eskaera egin beharko dio Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari. Txostenean halakorik jasotzen ez bada ere, PSE-EEko eledun Antonio Riverak adierazi du Espainiako Gobernua aurreratu dela eta jada lanean ari dela Martxoak 3ko kaltetuak biktima moduan onartuak izan daitezen.
(Berria. 26 / 06 / 08)