Izen frankistak dituzten Iruñeko Txantrea auzoko 20 kaleek, bi zeharkaleek eta plazak Iruñerriko herrien eta tokien izenak hartuko dituzte abenduaren 1etik aurrera. Yolanda Barcina Iruñeko alkateak atzo hartu zuen aldaketa jasotzen duen erabakia. Aurreko otsailean Nafarroako Administrazio Auzitegiak kale izendegi hori bertan behera uztea erabaki zuen, Jose Martin Abaurrea Batasuneko Iruñeko Udaleko zinegotzi ohiak aurkeztutako helegite bat onartuz. UPNk erabakia errekurritzeko asmoa agertu zuen, baina gero atzera egin zuen, «hiritarrek presio ideologikorik jasan ez zezaten».
Txantrea auzoan, gaur egun, hogei kalek dituzte frankismoarekin lotutako izenak. 1954ko udalbatzak izenak erabaki zituenetik, hainbat ahalegin izan dira izenak aldatzeko. Horien artean daude Alfonso Beorlegi koronela, Orobat, Lucio Arrieta, Andres Gorritxo edo Federico Mayo kaleak. Abenduaren 1etik bestelako leku izenak izango dituzte: Iruñerria, Itza, Oltza, Galar, Zizur, Uharte, Arteta, Beriain, Cordovilla, Ibero, Noain, Ororbia, Tiebas, Zuasti, Baternain, Imarkoain...
(Berria. 08 / 06 / 25)