domingo, abril 20, 2008

ZAITUT OROITZEN. Maria Gonzalez

AHAZTUAK 1936-1977 elkartean Durangon egondako kartzelan ezagutura gogoratuko lukeen plaka jarri zuten egunean, amama giltzapetu zuten espetxean Rosario Dinamitera ere preso izan zutela jakin nuen.
Amamaren hiru urteko itxialdia Zaitut oroitzen dokumentalean jasotzeko asmoa nuen. Ogi zati bat eta basobete ur egun osoa irauteko kidea izan zuen amamak Rosario Durango eta Deustuko kartzeletan.
Aitaren koadroa margotzen amaitu zuen egunean ezagutu nuen Rosario. "Durangarra izateak pozten nauz", esan zidan. Nire jaioterria faxisten zigor-lekua zuen. Bere sorterri Villarejo de Salvanés-era (Madril), aldiz, bueltatzea ukatu zioten. Herrikideek faxisten aurrean salatu zuen. "Frontean 30.000 kide nituen eta batek ere ez ninduen salatu, 1935ean utzi nuen herriko falangistei ordea borrokan ibili izana ezin zuten jasan; ekamukeek lan egiteak ernegu handiea ematen zien".
Bizi-koherentziaz gain, leialtasunak Rosarioren ibilbidea definitzen du. Beti-beti Ventaseko espetxean Matilde Landak bere heriotz-zigorra aldatu izan ziola gogoratzen zuen, "nik asko zor diot". Horren trukean, Mallorcako kartzelan hildako lagunaren heriotzaren bertsio ofiziala gaitzesten zuen. Tristura bera sentitzen zuen Antoniagatik, "Ventaseko 14. larrosa". Fusilamendu agiriak Antonio izena zekarrenez, ez zuten garaipen urtearen abuztuaren 5ean bere kideekin erail.
Rosarioren borroka koherentea eta leiala izan zen. Eskua galdu eta gero ere, "Errepublikaren alde borrokatzera" bueltatu zen, postari moduan, frontean berriro. Errepublikari ez zion dirurik eskatu, doan borrokatu zen eta doan lan egin zuen. Frankismoaren aurkako erresistentzia ere esku bakarrarekin aritu zen. Historiari bere ausardia erakusteko beldurrik ez zuen sentitu. Euren buruak gobernu demokratikotzat hartu dituztenek, ordea, ez zioten bizirik zegoenean eskerrik ere eman.
(Deia. 08 / 04 / 20)