Barcina alkateak herenegun ezagutzera eman zuen erabakiak haserrea sortu du Iruñeko hiritarren sektore zabal batengan. Izan ere, Txantrean aspalditik ari dira auzoan dituzten hogei kale-izen aldatzeko aldarrikatzen, eta Nafarroako Auzitegi Administratiboak beraien eskaerari zilegitasuna eman zion arren, UPN Iruñeko Udalburuak, auzitegi horren erabakiari helegitea aurkeztu dionean, borondate horren kontra egiteko asmoz dela berretsi du. Kontuan hartzekoa da alkateak Udalaren izenean errekurrituko duela, eta, beraz, iruindar guztien dirua erabiliko duela hiritar askok adierazitako borondatearen kontra. Frankismoak ezarritako kale-izenak gaitzesten dituzte txantrearrek, eta Nafarroako Auzitegiak berak aitortu du «Nafarroako Ikurren Legearen eta Memoria Historikoaren Legea urratzen dituela».
Iruñeko Hautetsi Independentisten Taldeak «Barcinaren erabakiak sortutako haserrearen inguruan» hiritarrekin bat egiten duela adierazi zuen, eta helegite honek «UPNk, Barcina buru duela, iruindarrekiko darabilen mespretxua» nabarmenki erakusten duela salatu zuten. Hori gutxi balitz, «ideologia hori agertzeko eta defendatzeko baliabide publikoak inolako zilegitasunik gabe erabiltzea» egotzi zioten Iruñean agintean dagoen taldeari, helegitea aurkeztu ahal izateko nahitaezkoak diren «abokatuak, prokuradoreen ordainak eta bestelako gastuak» gogora ekarrita.
Independentistak hori baieztatzeko dituzten arrazoiak «frankismoaren oroimena eta sinbologia iraunarazteko hiritarren gogoaren aurka jo izana» eta «bere talde politikoaren oinarrian den ideologia frankista harro erakutsi izana» dira, atzo jakinarazi zutenez. Horren aitzinean, herri mugimenduaren jarduera goraipatu zuen: «Zilegitasun handiz eta eskubide osoz bere eginbeharra bete du». Horregatik, «gure hiria eraikitzeko lanari atxikitzera eta protagonista izatera» dei egiten dutela adierazi zuten.
Herri mugimendu horrek Frankismoko Ikurren Desagertzearen Alde Txantrean sortutako plataforma sortu du. Azken hilabeteetan hainbat jarduera burutu ditu Iruñeko Udalari eskatzeko Nafarroako Auzitegiak hartutako erabakia bete dezala, bere esku baitago 20 kaleren izenak kendu eta horien ordez berriak jartzea. Barcinak, Auzitegiak erabakitakoa ezagutzean, hasieratik zalantzan jarri zuen haren zilegitasuna, horretarako, «prozeduran izandako akatsak» erabili nahi izan zituelarik.
Udal taldeen ezezkoa hiritarrei
Kontu horiek moldatu baziren ere, helegitea aurkezteko eskubidea «beretzat hartu» egiten zuela adierazi zuen Barcinak garaian hartan. Txantreako Plataformak bazuen horren beldurra, eta Iruñeko Udalean mozio bat aurkeztu zuen, udal taldeei proposatzeko gehiengoz bere eskaeraren alde egin zezatela.
Hala ere, Iruñeko Udalean alderdien interesak direla eta ez zuten bat egin txantrearrek aurkeztutako mozioarekin. EAE-ANV izan zen babesa eman zion bakarra; NaBai-k eta PSNk bakoitzak bere mozioa aurkeztu zuen, nahiz eta horiekin egindako bileretan, beraien eskaera babesteko asmoa helarazi zieten bi taldeek plataformako kideei.
(Gara. 08 / 04 / 16)