martes, abril 15, 2008

KANDIDO SASETA PROPOSATU DUTE GERNIKA SARIRAKO HAUTAGAI IZATEKO

Bakegintzan nabarmendu direnei ematen zaien Gernika saria Kandido Sasetari emateko proposamena aurkeztu diote Gernikako Udalari. Ahaztuak 1936-1977k, Hondarribiko Sasetaren Aldeko Taldeak, Kandido Sasetaren familiakoek eta Gernikako Kultur Etxeak egin dute proposamena. Saria urtero Gernikako 1936ko bonbardaketa gogorarazteko egiten diren ekitaldien barnean ematen dute. Saria Apirilaren 26an emango dute, herriaren borbardaketaren 71. urteurrenean.

Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977ko kideak esan duenez, izendapena «Sasetak Euskal Herriko memoria historiko demokratikoan, frankismoaren aurka egin zuen borrokan eta herriaren borondatean izan zuen errespetuagatik» aukeratu dute. Izendapenerako Kandido Sasetaren izena aurkeztu arren «faxismoaren aurrean beren bizitza arriskuan jarri zuten gudari eta miliziano guztiei» zuzendua dagoela adierazi du Alvarezek. Hautagaitza aurkeztu duten guztiek diote Sasetak sari horretarako baldintza guztiak betetzen dituela, «bere balioak defendatzeagatik hil baitzuten».

(Berria. 08 / 04 / 15)