domingo, marzo 02, 2008

Txantreako kaleetatik izen frankistak ken ditzaten, beste mozio bat aurkeztuko dute

Txantreako ikur frankistak kentzeko asanbladak beste mozio bat aurkeztuko du hilaren 13an Iruñeko udal batzarrean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak hartutako erabakia bete eta hogei kaleren izenak alda ditzaten. Taldeak, mozioaren bidez, udalbatzari eskatuko dio ikur frankistak kentzeko borondatea berretsi dezala, eta Iruñeko alkate Yolanda Barcinari eska diezaiola udal talde gehienek hartutako erabakia ez atzeratzeko.

Kaleen izenak aldatzeko eta Munduaren Parkean dagoen laureada altxatzeko mozioa udal talde guztiek babestu zuten, UPNk izan ezik, baina alkatearena da eskumen osoa. Joxe Abaurrea Txantreako bizilagunak helegitea aurkeztu zuen auzitegiaren aurrean, eta hark arrazoia eman dio. Orain, alkateak erabakia bete beste irtenbiderik ez du, baina helegitea jartzea pentsatzen ari dela iragarri du Yolanda Barcinak.

Txantrea auzoko ehun bat lagun elkartu ziren atzo Magdalena eta Alfonso Beorlegi kaleek bat egiten duten lekuan, Nafarroako Administrazio Auzitegiak hartutako erabakia bete dadin eskatzeko.

BEORLEGI, ARRIETA EDO FEDERICO MAYO

Txantrea auzoan, gaur egun, hogei kalek dituzte frankismoarekin lotutako izenak. 1954ko udalbatzak izenak erabaki zituenetik, hainbat ahalegin izan dira izenak aldatzeko. Horien artean daude Alfonso Beorlegi koronela, Mola jeneralaren hurbilekoa, eta, hainbat boluntarioarekin batera, Irunen eta Donostian sartu ziren lehen adarretako bat zuzentzen zuena. Orobat, Lucio Arrieta, Andres Gorritxo edo Federico Mayo, denak frankismoan ardura politiko handiak izandakoak.

(Berria. 08 / 03 / 02)