Euskal Herriko toki ugari bilakatu zituzten espetxe 36ko gerran eta Frankismo garaian. Leku horiek zeintzuk diren, alabaina, gutxi batzuek baino ez dituzte gogoratzen. Horrexegatik heldu zion Ahaztuak 1936-1977k "Memoria Guneak" izeneko egitasmoari iaz, espetxe bihurtutako leku horietan preso egondakoak omendu eta memoria historikoa berreskuratzeko, elkarteak bere sorreran ezarri zuen helburu bera, alegia. Guztira, bost plaka jarri zituzten 2007an horrenbeste Memoria guneetan, baina horietako bi desagertu egin ziren handik gutxira, Bilboko Deustuko unibertsitatean eta Durangoko (Bizkaia) Nevers ikastetxean jarritakoak, hain zuzen ere. Zentro erlijioso horietako zuzendariek plakak kendu dituztela salatzeko agerraldia egin zuen atzo Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko bozeramaileak.
Kendutako plakei buruzko azalpenik lortzeko zailtasun handiak izan zituztela nabarmendu zuen Alvarezek, «hilabeteak behar izan ditugu, batean zein bestean». Erantzuna, halaber, antzekoa izan zen: «Testuarekin bat ez datozela eta zentroetan sentsibilitate desberdinak daudela esan ziguten». Mutrikun (Gipuzkoa) eta Zornotzan (Bizkaia) ere mezu bera zuten plakak jarri zituztela gogorarazi zuen, «inolako oztoporik gabe, elizak kudeatutako eraikinak izanda ere, haien laguntza osoa eskaini ziguten».
Plaketan ageri den testua, azaldu zuenez, «ez doa, inondik inora, zentroko ordena erlijiosoen kontra». Durangon jarritakoa erakutsi zuen Ahaztuak 1936-1977ko kideak esandakoa egiaztatzeko: 1936ko Uztailaren kolpe faxistaren ondorioz askatasuna, justizia eta II. errepublikako legezko Gobernua eta Euskal Herriko eskubideak defendatzeagatik, toki honetan kartzela zigorra sufritu zuten emakumeei.
"Nevers" Ikastetxeko mojek, Alvarezek aitortu zuenez, ez zuten inoiz baimenik eman plaka jartzeko. «Horretarako beste testu bat proposatu ziguten, bertan emakumeak preso egon zirela besterik ez esatea eta hori zergatia ezkutatzea litzateke, emakume horiek preso politikoak zirela eta demokrazia babesteagatik atxilotu zituztela».
Gertatutakoaren harira, Elizaren jarrera arbuiatu zuen Alvarezek, «garai honetan ezin baita halakorik jasan». Esan zuenez, Frankismoko biktimen senideentzat halako ekintzak «mingarriak» dira eta, azkenik, gogoetarako gonbita egin zien Elizaren agintariei: «Demokrazia onartu edo Frankismo garaian bezala bizi nahi duten argitu behar dute. Tamalez, bigarrenaren aldekoak direla uste dugu».
Deustuko Unibertsitateko eta Durangoko "Nevers" Ikastetxearen zuzendaritzaren jarrera salatu ez ezik, Alvarezek Durangoko plaka berriro jarriko dutela iragarri zuen: «Historian askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu diren emakume guztiei omenaldia egiteko eta, zehazki, Frankismo garaian bertan atxilotutako emakumeei, inolako deliturik egin ez zutelako». Ekitaldia bihar egingo dute, Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, 13:00etatik aurrera. Bilgune Feministak herritar guztiei zabaldutako deialdiarekin bat egin du.
Durangoko Udalarekin hitz egin eta baimena eskuratu ondoren, emakumeen espetxe izandakoaren harresiaren aurrean jarriko dute plaka oraingoan, ikasketa zentroko zuzendaritzak kendu eta bilera batean eman zien berbera.
«Plakaren testuarekin bat ez datozela eta zentroetan sentsibilitate desberdinak daudela esan ziguten»
Martxelo Alvarez
(Ahaztuak 1936-1977 elkarteko bozeramailea)
(Berria. 08 / 3 / 7)