Aurtengo uztailaren 8an 30 urte iragango dira Espainiako Poliziak German Rodriguez hil zuenetik, eta urteurren hori oroitarazteko, '78ko Sanferminak Gogoan' herri ekimena aurkeztu zuen Hilarria Batzordeak atzo, Iruñean.
Ekimen horren barruan, hainbat jarduera egiteko asmoa azaldu dute Hilarria Batzordeko kideek. Horrela, elkarretaratzeak, web orri bat abian jartzea, German Rodriguezen hilarriaren kopiak egitea, pintura erakusketa, literatur kaiera eta urte haietako gertaerak bilduko dituen liburu eta bideo bat egitea izanen da bultzatuko dituzten jarduerak, bertzeak bertze.
Bultzatzaileek ere agiri bat egin dute, eta agiri horrek honakoa eskatzen du: 1978ko sanferminetako egia ateratzea, erantzuleak zigortzea eta erantzuleek kalte moral, pertsonal eta materialak ordaintzea. Bertzalde, ekimenak sostengu zabala lortu du Iruñean, eta 40 elkarte baino gehiagoren babesa izan du.
(Berria. 08 / 02 / 07)