jueves, febrero 28, 2008

1976ko Martxoaren 3ko biktimekin ez dela justiziarik egin salatu dute sindikatuek


Egun esanguratsua da 1976ko Martxoaren 3a Euskal Herrian. Espainiako Poliziak bost langile hil eta beste ehunka zauritu zituen Gasteizen. Ordutik 32 urte igaro diren arren, langile nahiz herritar askok ez dute ahaztu egun haren esanahia. «Kolore guztietako» politikariek «sarraski» hartan hildakoen, zaurituen eta kaltetuen familiekin justizia egiteko aukera galdu dutela salatu zuten ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuek atzo egindako agerraldian.

LABeko David Rasines, ESK-ko Iñaki Martin, ELAko Luis Fernandez eta EILASeko Belen Arrondok bat egin eta manifestu bat irakurri zuten, besteak beste herritar guztiak datorren astelehenean 19:00etan egingo den manifestaziora joan daitezen eskatzeko.

Sindikatuon esanetan, langileek egun hura gogoratu beharra daukate, gertatutakoa erabaki politiko baten ondorio izan zela uste baitute: «Errotik moztu nahi zuten langile borrokaren dinamika hura, orduko estatu zapaltzailearentzat arriskutsua zelakoan. 32 urte geroago, langileak zapaltzeko moduak aldatu egin dira, eta orain prekarizazio mota guztien aurka jarraitzen dugu borrokan».

Martxoaren 3ko gertakarien urtemuga baliatu zuten sindikatuek gaur egungo lan politika salatzeko. Haien ustez, orain dela 32 urte bezalaxe, enpresaburuek gogor egiten dute langileen soldatak igo ez daitezen, baina euren etekinak ugaltzen dituzte eta gero burtsan espekulatzeko erabiltzen. «Enpresaburuek tokian tokiko herri administrazioen ezin estimatuzko laguntza dute. Administrazioek onarturiko lan erreformei esker, langile kaleratzeak merkatu dira, lan baldintzak prekarizatu eta lorturiko eskubideak murriztu».

Horregatik, osasuna, hezkuntza eta gizarte zerbitzuen aldeko eta gizarte bazterketaren aurkako borrokan ari dira ELA, LAB, ESK eta EILAS sindikatuak. Zerbitzu horiexek direlako euren ustez gizarteko protagonista nagusiak; «langileak kontuan hartzen ez dituen gizarte eredu batekoak».

Urtero bezala, Euskal Herriko askatasun falta eta eskubide urratzeak ere salatu zituzten: «Gure gatazkari elkarrizketa eta negoziazioaren bidez irtenbide demokratikoa emateko herri honen eskaria ez dago bere onenean. Alderdi politikoak legez kanpo uztea ez da oso errezeta ona. Martxoaren 3ko borroka bada herritar guztien eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka ere».

(Berria. 08/02/28)