viernes, enero 18, 2008

Frankismoaren biktimen ustez, «diktaduran segitzea» litzateke EAE-ANV legez kanporatzea


EAE-ANV jasaten ari den «kriminalizazio eta jazarpen kanpaina dela eta», alderdi historikoari elkartasuna adierazteko agiria plazaratu du Lau Haizetara Gogoan Koordinakundeak. Legez kanporatzeak eta horiek ahalbidetzen dituen Alderdien Legea salatu ditu, eta PSOEko gobernuari «legeria frankista errepresiboa» bere egitea egotzi dio, horiek martxan jartzeagatik. Egoera kezkagarria dela dio koordinakundeak. Areago, EAE-ANV legez kanporatzea proposatzen ari denez. Izan ere, alderdi historikoa legez kanpo utzi edo haren jarduna etetea «iraganik ilunenera itzultzea» litzakeela uste du. «Diktadura frankistak bultzatutako eskubide urraketa eginez» jarraitzen dutela dio, «gero eta gehiago, gainera».

Frankismoaren biktimen eta memoria historikoa berreskuratzearen alde Euskal Herrian lan egiten duten 11 elkartek osatzen dute Lau Haizetara Gogoan koordinakundea. Bertan biltzen dira, EAE-ANV alderdiaz gain, Ahaztuak 1936-1977, Andikona, Debagoienako Fusilatuen Senideen Batzordea, Izquierda Republicana, Katin Txiki, Martxoaren 3ko Biktimen Elkartea, Memoriaren Bideak, Oroituz, La Rosa Negra eta Uliako Taldea.

Guztien izenean kaleratutako oharrak ohartarazi duenez, koordinakundeko kide duten EAE-ANV «herri honen askatasunen aldeko borrokan erreferentzia da» eta horrexegatik legez kanporatu zuten frankismo garaian.

ELKARLANERAKO KONPROMISOA

Agiria sinatzen duten taldeek azaldu dutenez, frankismoaren biktimentzat egia, justizia eta ordaina lortzeko bidean EAE-ANVrekin elkarlanean aritu dira, eta hemendik aurrera ere hala egingo dutela baieztatu dute. Faxismoak ezarritako «garaile eta garaitu eredua hausteko», neurri zehatzak abiatuko dituztela elkarrekin. Halaber, «benetako askatasun eta demokrazia» lortzeko EAE-ANVrekin eta bertako kideekin «borrokarako espazio bera» partekatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute. Koordinakundearen helburuak lortzeko bidea, ordea, zail egiten ari zaiela aitortu dute. «Frankismoaren oinordeko politiko, ideologiko eta genetikoak» direnek jarritako oztopoez gain, bere garaian «garaitutzat» jo zirenek «garaileen arrazoinamenduak» bere egin dituztela uste dute. Horiek ere, oztopoak jartzen ari direla. PSOEko gobernuak onartutako Memoria Historikoaren Legea eta EAE-ANVri espresuki lege horren onurak ukatu izana dute erakusgarritzat.

Areago, Alderdien Legea onartuta, Espainiako Gobernuak «legedia frankista errepresiboa» ezarri duela deritzo koordinakundeak. Eta horixe dela «haren osasun kezkagarriaren termometroa».

(Berria. 08-01-18)