lunes, diciembre 10, 2007

"CURRICULUM"AK FRANKISMOKO BIKTIMAK KONTUAN HARTZEA PROPOSATU DU AHAZTUAK-EK


Memoria Historikoa hezkuntzaren bidez transmititu beharrekoa delakoan, Ahaztuak 1936-1977 frankismoko biktimen eta errepresaliatuen elkarteak ekarpena egin nahi izan dio Euskal Curriculumari. Hartara, curriculuma lantzen diharduten eragileei ekarpen hori biltzen duen txostena eman zieten atzo Ahaztuak-eko ordezkariek. Sortzen Ikasbatuaz-ek, Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak eta Nazio Eztabaidaguneak hartu zuten lekukoa.


Lantze prozesuan dago Euskal Curriculuma, Euskal Herri osoan baliagarria izango den tresna pedagogikoa. Bere helburuotako bat historia Euskal Herriaren ikuspuntutik aztertzea izanik, Ahaztuak elkarteak ekarpen «garrantzitsua» egin du, eragileen esanetan. Hainbat hamarkadetan zehar, hezkuntzan eta irakaskuntzan «ezkutuan» egon diren hainbat gairi dagokien garrantzia ematea da ekimenaren helburua. Esate baterako, emakumeen lana, frankismoak eragindako sufrimendua eta biktimen eskubideen defentsa Euskal Curriculumean sartzea proposatu du Ahaztuak-ek.

Horiez gain, data eta gertakari zehatz batzuk azpimarratu nahi dituzte, egungo irakaskuntzan «gainetik bakarrik» lantzen direlakoan. Ahaztuak elkarteak egindako txostenak dakar gertakarion zerrenda. Baina ekintzak ez ezik, «horien atzean dauden baloreak» ere transmititu nahi dituzte. Horren guztiaren ondorioz, «ikuspuntu demokratiko eta antifrankista batetik, memoria historikoaren irakurketa» bideratu nahi dute, Martxelo Alvarez Ahaztuak-eko ordezkariaren hitzetan. Bere ustez, Memoria Historikoa ez da «iraganeko kontua», «orainaldiarekin eta etorkizunarekin, eta indarrean dagoen eredu demokratikoarekin lotuta» dagoen auzia baizik.

EUSKAL HERRIAREN IKUSPEGIA HISTORIAN
Historia gerretako irabazleek idatzi ohi dute, eta hartara, Euskal Herriaren historia kanpotarrek idatzi izan dute. Hala uste dute Ahaztuak elkarteko kideek, eta ikuspuntu horrekin bat datoz hezkuntza eragileak. Izan ere, Sortzen Ikasbatuazeko lehendakari Juankar Aretxabaletak adierazi bezala, «indarrean dagoen hezkuntza ereduak eta indarrean dauden curriculumek ez dute memoria historikoa kontuan hartzen». Beraz, Aretxabaletaren aburuz, egun «ezinezkoa da euskal historia osorik eta behar bezala irakastea». Koldo Tellitu Ikastolen Konfederazioko lehendakariak ere esan zuenez, hezkuntza eragileek ez ezik gizarte eragileek egindako ekarpenak ere «garrantzitsuak» dira.
(Berria. 07-12-11)