miércoles, octubre 03, 2007

BATZUEN SAMINARI, BIZKAR.


ETAren biktimen egoerari buruz eztabaidatuko dute ostiral honetan Eusko Legebiltzarrean. «Biktimen sufrimendua aintzat hartu eta haien duintasuna defendatzeko» helburuarekin erabaki zuen, ekainean, biktimen lan taldeak bilkura monografiko bat egitea. Alabaina, ETAren biktimengandik haratago, Estatuaren indarkeriaren biktimak ere badira Euskal Herrian, baina horiek ez dituzte aintzat hartuko etziko osoko bilkuran. Torturatuak, polizia indarrek eta talde parapolizialek hildakoak eta zauritutakoak, erbestean hildako errefuxiatuak, istripuak izan dituzten presoen senideak... Eusko Legebiltzarrak eztabaidagunetik kanpo utziko ditu denak.

Euskal gatazkaren sufrimendua bere osoan lantzearen inguruko desadostasunak sakonak dira alderdien artean. Seigarren legealdiaren hasieran Eusko Legebiltzarrean urrats batzuk egin ziren biktima horiek kontuan hartzeko, baina amaitu gabeko lana izan zen. 2003.urtean adostu zuen Legebiltzarreko lan taldeak ETAren biktimen aldeko ekimen sorta martxan jartzea -tartean bilkura monografikoa egitea-, baina legealdia amaitu zen, eta bidean geratu ziren ekimenak.

2005ean, legealdi berrian, euskal gatazkaren biktima guztiak aintzat hartzeko saioak porrot egin zuen atzera, eta soilik talde armatuek eragindako biktimak aintzat hartzea adostu zuten hirukoak, PPk, PSEk eta Aralarrek. Hala, ponentzia hori ETA, GAL eta Batallon Vasco Español talde armatuen biktimentzat baino ez da irekita egon orain arte. Alde guztietako biktima eta sufrimenduak kontuan hartzen ez dituelako, EAB taldeak ez du lan taldean parte hartu, eta Aralarrek, parte hartu arren, lan taldearen «gabeziak» kritikatu ditu hasieratik. Gabezia horietaz ongi jabetu dira biktima asko. Legebiltzarreko ponentzia «interes politiko argiekin» jaio zela uste du Giza Eskubideen Behatokiko kide Julen Arzuagak. Salatu duenez, talde horretan biktimak neurtzeko bi modu egon dira, eta horrek alde batean «mina eta mesfidantza» eragin du.

BIKTIMEN LEGEA

Legebiltzarreko lanari ez ezik, Eusko Jaurlaritzak biktimen auzian duen jarrerari ere kritika latzak egiten dizkiete Estatuaren bortizkeriaren biktima askok. «Biktimen arteko banaketa argia egiten dute, lehen eta bigarren mailako biktimak sortuz», salatu du frankismoaren biktimak biltzen dituen Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak. Besteak beste, Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Terrorismoaren Biktimei elkartasuna erakusteko legeak banaketa horretan «sakondu» baino ez duela egiten ohartarazi du. Biktimei elkartasuna erakutsi eta haien «oroimena, duintasuna, justizia eta errespetua» lortzeko helburuz, lege hori sustatzeko konpromisoa hartu zuen Eusko Jaurlaritzako Kontseilu Politikoak Bake eta Bizikidetza Planean. Biktimak laguntzeko Eusko Jaurlaritzak 2002ra arte indarrean izan duen laguntza programa ordezkatu eta osatzera dator lege berria. Programak bezala, lege honek ere soilik ETAk, eskuin muturreko taldeek eta GALek eragindako biktimak aintzat hartuko ditu.

Lege egitasmoa ia prest du Jaurlaritzako Terrorismoaren biktimen arretarako bulegoak, eta ziurrenik, udazken honetan onartuko du Legebiltzarrak. Zenbait biktimaren elkartek dagoeneko ekarpenak egin dizkiete legearen zirriborroari. Baina beste biktima batzuei ekarpenik egiteko aukerarik ez die eman biktimen arretarako bulegoak. Lau Haizetara Gogoan koordinakundeak, esaterako, legearen oinarria bera jarri du zalantzan. Haren ustez, «partziala eta baztertzailea» da lege egitasmoak «terrorismoari» buruz ematen duen definizioa, Estatu terrorismoa albo batera uzten duelako. Koordinakundeak «etsigarritzat» jo du lege horren edukia, baina baita biktimen auzian Eusko Jaurlaritzak daraman lan ildoa ere. «1976an ezarritako erreforma politikoaren bidez sortutako zigorgabetasun ereduari Jaurlaritzak egiten dion ekarpena da lege egitasmoa», salatu du.

Martxoak 3ko biktimen elkartearentzat «erabat tamalgarria» da Jaurlaritzak Estatu biktimekin duen jarrera. Taldeak salatu duenez, Maixabel Lasak eta Txema Urkijok zuzentzen duten biktimen arretarako bulegotik ez dituzte kontuan hartu nahi izan elkarteak lege egitasmoari egin nahi izan dizkion ekarpenak. Elkarteak gogogoratu duenez, Ibarretxe lehendakariak 2001ean konpromisoa hartu zuen Espainiako Justiziaren bideak agortuta 1976ko biktimekin egindako «bidegabekeria» aitortu eta zuzentzeko neurriak hartuko zituela Jaurlaritzak. Emandako hitza ez dela betetzen ari uste dute elkartekoek, horregatik «egia, justizia eta aitortzaren» alde borrokatzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

Estatuaren bortizkeriaren biktimek erakundeekiko duten mesfidantza nabaria da. «Espainiako zigorgabetasun ereduarekin apurtuko duen benetako justiziarik ez dute egingo ez hemengo erakundeek, ezta Madrilgoek ere», nabarmendu du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak. Lau Haizetara Gogoan Koordinakundearentzat ere Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak «Estatu terrorismoaren biktimekiko» duten jarrera arbuiagarria da. Eta, horregatik, salaketa hori Eusko Legebiltzarreko atarira eramatea erabaki du. Frankismoaren biktimentzat «egia eta justizia» eskatzeko elkarretaratzea antolatu du ostiral goizerako Legebiltzarraren parean, osoko bilkuran «ahaztutako» biktimekin ere justizia egin behar dela aldarrikatzeko.

Edurne Begiristain / Gasteiz
(Berria. 07-10-o3)