sábado, julio 07, 2007

4.000 EMAKUME ETA HAUR GOGOAN. Milaka preso sartu zituzten, eta 180 bat hil ziren. Omendu egin ditu Ahaztuak 1936-1977k.

Ez da egun eguzkitsua, baina hondartza egunetako giroa dago Saturrarango hondartza inguruetan, Mutrikun (Gipuzkoa). Gehienak bainujantzia soinean dutela doaz. Paseatzera. Hondartzara. Edo zelaiko mahaietan bazkaltzeko lekua hartzera. Haien artean, ordea, ilea urdindua duen emakume edadetu batek nekez egiten du aurrera, makilak lagunduta, senide baten besoari helduta. Victoria Fernandez Cotillo da, 89 urtekoa, bilbotarra. Lekua ezagutzen du. Mahaiak dauden lekuan hiru urte pasatu zituen preso, emakumeentzako Saturrarango espetxean, Gazteria Sozialista Bateratuko (JSU) kide eta Espainiako II. Errepublikaren aldekoa izateagatik.

Victoria Fernandez Cotillok ez du zehaztu noiztik nora egon zen preso. 1938. eta 1943. urteen artean izan zen. Frankistek espetxe bihurtu zituzten Saturrarango bainuetxeak eta udatiarrentzako egoitzak. Fernandez Cotillo Saturrarango espetxetik pasatu ziren lau mila emakumeetako bat izan zen.

Mojak jarri zituzten presoen eta haien seme-alaben zaindari. Saturraranen egondako emakumeek kontatu dute mojek krudelkeria baliatu zutela espetxezain lanetan: janari gutxi ematen zieten; espetxerako zen janaria kontrabandoan saltzen zuten; senideek presoei bidalitako arropak eta janaria lapurtu eta espetxeko dendan saltzen zituzten; presoentzako gutunak jasotzen zituzten; presoen seme-alabak presoei xantaia egiteko erabiltzen zituzten; eta ama batzuei seme-alabak kendu eta umezurztegira edo adoptatu nahi zituzten familietara bidali zituzten. Zigor gelak sotoetan zeuden, uraren mailaren azpitik. Bertara bidaltzen zituztenek itsasgora zenean hainbat ordu pasatu behar izaten zituzten ura gerritik gora zutela. Espetxeko baldintza gogorren erakusle da bertan hil ziren pertsonen kopurua: 180 inguru, horietatik 56 haurrak. Emakume gehienak tuberkulosiagatik, septizemiagatik edo tifusagatik hil ziren; haurrak, berriz, janari faltagatik.

Zenbait mojaren krudelkeriak haien izenak iltzatu ditu presoen oroimenean: esaterako, Maria Arantzazu Velez de Mendizabal ama nagusia; Pantera Zuria ezizena zuen. «Hala deitzen genion abitu zuria baina bihotz beltza zeukalako», esan zuen Carmina Merodio Saturrarango preso ohiak, iazko abenduan hil arretik.

Victoria Fernandez Cotillo Mutrikura itzuli da, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak eta Mutrikuko, Debako (Gipuzkoa) eta Ondarroako (Bizkaia) zenbait herritarrek Saturrarango presoei egindako omenaldia jasotzera. Bertaratutako 70 bat lagunek txaloka hartu dute Saturraranen hildakoak oroitzeko jarri duten plakaren parera iritsi denean, hondartzara iristeko errepideko azken bihurgunearen parean.

POZA ETA MINA

Fernandez Cotillok ez du hitzik egin. Saturrarango espetxean egon zirenen izenean Rosario Sanchez Mora "Rosario Dinamitera" preso ohi eta militante komunista espainiar ezagunak hitz egin du, ekitaldian irakurritako gutun baten bitartez. Sanchez Mora pozik dago, «1936an errepublika babestu zutenen borroka, nekea eta oinazeak ez direlako ahaztu eta belaunaldi berriek bere egin dutelako». Sanchez Morak, ordea, mina ere gogoan du. Emakumeena eta haurrena batez ere. Bera ere bere alabarengandik apartatu zuten.

Gaurkoa ez da Saturrarango presoek jaso duten lehen omenaldia. Eusko Jaurlaritzak Apirilaren 1ean omendu zituen, eta Nestor Basterretxea eskultorearen eskultura bat jarri zuten presoen omenez, Ahaztuak 1936-1977k jarritako plakatik 200 bat metrora, Saturrarango pasealekuan. Jaurlaritzak 1936ko eta frankismoko biktimei egindako omenaldiak «hutsak» direla salatu du Martxelo Alvarez elkarteko bozeramaileak. Nabarmendu du memoria historikoa berreskuratzea garai hartako «balio demokratikoak» berreskuratzea ere badela.

Ekitaldia bukatzeko, Eusko Gudariak abestu dute aurrena. Internazionala gero. Baina orduan Ondarroara bisitan joandako Eibarko (Gipuzkoa) Sostoa abesbatzako zenbait kide jaitsi dira autobusetik, omenaldiaren parean. Eta omenaldiarekin bat eginez, abesten hasi dira. "Oi ama Euskal Herria eta Txanton Piperri: «Euskal Herriko semeak gera zor dioguna bizia. Beraren alde emango degu zainetako zainetako odol guzia...»