viernes, enero 12, 2007

JOAN TARDA, ERCko ORDEZKARIAREKIN ELKARRIZKETATXO BAT



"Zapatero biktimen kontrako lege proiektua aurrera atera nahian dabil» (Joan Tarda)

Joan Tarda ERCko ordezkaria Ahaztuak 1936-1977 elkartearekin harremanetan jarri zen eta Espainiako Parlamentuan biktimen elkarteak Memoria Historikoaren Lege aurreproiektuaren aurrean zuen zuzenketak aurkeztu eta defendatu zituen.

Nola ikusten duzu momentu honetan legearen aurreproiektua?

ERCn oso desilusionatuta gaude egoerarekin. Nik uste nuena eta zoritxarrez bizitzen ari garena oso gauza ezberdinak dira.

Zer gertatuko zela uste zenuen?

Nik pentsatzen nuen PSOE Espainiako Gobernura heldu zenean auzi hau beste era batera kudeatuko zuela. Alegia, frankismo garaiko biktimei merezi duten aitorpena emango ziela. Aldiz, gauzak nik uste nuenaren kontra gertatzen ari dira.

PSOEk bere hitza ez du bete?

Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterok kargua hartu zuenean auzi honekin konpromiso bat hartu zuen eta biktimen alde agertu zen. Orain, aldiz, biktimak ez babesteaz gain, haien kontrako lege egitasmoa aurrera atera nahian dabil.

Zein da gai honen inguruan gehien harritzen zaituen puntua?
Espainia estatu frankista eta totalitarioa izan zen, genozidio kultural zein linguistikoak izan ziren eta 2006. urtean, XXI. mendean, demokraziaz baliatzen garen momentuan, gobernuburua lege egitasmo duin bat ateratzeko gai ez izatea oso gogorra da.

Zerk bilakatuko luke duinago lege egitasmoa?

Lehenik eta behin, Francoren garaian bidegabe ebatsi ziren ondasunen kalteak konpondu behar dira. Bigarrenik, frankismoko auzitegiak bidegabekotzat jo beharko lirateke eta, ondorioz, auzitegi horiek ezarritako sententziek legez kanpo geratu beharko lukete.

Urteak pasatu dira frankismoa bukatu zenetik. Denbora gehiegi pasatu dela iruditzen zaizu?

Nik beti esan izan dut gauza garrantzitsuak beti berandu heltzen direla. Egia da, halaber, PSOE gobernuburu jarri denean lan asko aurkitu duela egiteko. Horregatik, ERCk beti eman izan dio nahi adina denbora Espainiako presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori. Hala ere, dagoeneko biktima izan zirenen seme-alabak ere hiltzen ari dira, eta aurrera joan beharrean atzera egiten dugu tankera honetako egitasmoekin. Denbora ez daukagu alde.

Nola saiatuko zarete beste alderdien iritziak aldatzen ?

Gure ustez, EAJ alderdikoak ez dira oraindik auziaren garrantziaz jabetzen, eta ez dute ulertzen zergatik den garrantzitsua Memoria Historikoaren Legea. Guk gure ikuspuntua azalduko diegu eta argudioak emango dizkiegu, gurekin bat egin dezaten.

Arriskua ere badago, PPk eta PSOEk lege egitasmoa bazter uzteko eta legegintzaldia buka daiteke. Zer gertatuko da orduan?

Argudio onak izan beharko dituzte hori gertatzen bada. Izan ere, pisuzko arrazoirik ezean, guk gure aldetik presioa egiten jarraituko dugu.

Zer da gizarteari eskatzen diozuena?

Kontzientziazioa eskatzen diogu. Guk ahots guztiak bilduko ditugu, eta biktimen duintasunaren alde gogor borrokatuko gara.

Auziak nola bukatuko duela uste duzu?

Lanean jarraituko dugu alderdi guztiekin, batez ere EArekin. Izan ere, alde politikotik begiratuta abiapuntu berberak ditugu auziaren gainean. Baina guztiaren gainetik biktimen alde jardungo dugu lanean. Gure ustez, EAJ alderdikoak ez dira oraindik auziaren garrantziaz jabetzen, eta ez dute ulertzen zergatik den garrantzitsua Memoria Historikoaren Legea. Guk gure ikuspuntua azalduko diegu eta argudioak emango dizkiegu, gurekin bat egin dezaten.

(Berria. 2007 / 01 / 11)