viernes, diciembre 15, 2006

INPLIKAZIO ESKE EUSKO LEGEBILTZARREAN

"Ahaztuak 1936-1977" taldeko ordezkariek agerraldia egin dute Legebiltzarreko Giza Eskubideen batzordean

Eusko Jaurlaritza gehiago inplikatzea eta Espainiako Gobernua estutzea. Horiek dira "Ahaztuak 1936-1977" Frankismoaren Biktimen Elkarteak Eusko Legebiltzarrera eraman dituen eskaera nagusiak. Izan ere, atzo egokitu zitzaion "Ahaztuak" taldeari Eusko Legebiltzarraren Giza Eskubideen batzordean agerraldia egitea, hain justu Espainiako Kongresuan "Memoria Historikoa"ren Legearen osoko zuzenketak aztertu behar ziren egunean. Kointzidentziak, jakina, eztabaidaren zioa baldintzatu zuen.

Eusko Jaurlaritzak frankismoaren biktimei begira hartutako hainbat neurri kritikatu zituen Ahaztuak taldeko Martxelo Alvarezek agerraldian. Besteak beste, «Madrazoren Dekretua». Nolanahi ere, Espainiako Memoria Historikoaren Legea eta horren inguruan euskal alderdiek hartutako jarrera izan zuen hizpide nagusi. Hala, legearen zuzenketak Kataluniako ERC alderdiaren bidez aurkeztu behar izatea aurpegiratu zien Ahaztuak taldeak Espainiako Kongresuan ordezkatuta dauden euskal talde politikoei. Alvarezek azaldu zuenez, Eusko Legebiltzarrean ekainetik eskatuta zuen agerraldia egitea, baina atzo arte ez zen gauzatu, alegia "Memoria Historikoa"ren Legearen eztabaida Espainiako Kongresuan hasten zen egunean. Beraz, haien proposamenak aztertzeko eta eztabaidatzeko astirik gabe. Alvarezek nabarmendu zuenez, «zuekin egoteko eskaera egin genuen, baina ez diguzue kasu egin, zuen jarrerarekin minduta gaude. Jarrera larria iruditzen zitzaigulako jo genuen ERCrengana, ez gure proposamenak zuekin aurkeztu nahi ez genituelako», azaldu zuen.

EAko ordezkari Rafa Larreinak «komunikazio akatsa» egon dela aitortu zuen, eta prozedurak berraztertu behar direla gaineratu. Nolanahi ere, Ahaztuak taldearen filosofiarekin bat egiten dutela azaldu zuen Larreinak, eta horregatik hain zuzen Espainiako Kongresuan ERCk aurkezturiko osoko zuzenketa babestuko dutela azaldu zuen.

Halaber, EAJko ordezkari Gema Gonzalez Txabarrik onartu zuen maiatzean jaso zutela Ahaztuak elkartearen txostena eta eskaera, baina Memoria Historikoaren Legea Espainiako Kongresuan sartu aurretik hitz egiteko aukera izango zutela pentsatu zuten.

Dena den, EAJk eta Eusko Jaurlaritzak frankismoaren biktimen alde lan handia egin dutela adierazi zuen Gonzalez Txabarrik. «Lana erruz egin dugu, eta zuek bezalako talde berri batek hori onartu beharko luke. Apaltasun pixka bat behar da, eta onartzea orain arte lan handia egin dutela beste erakunde eta elkarte batzuek biktimen memoria berreskuratzeko».

EB-Berdeak taldeko eledun Oskar Matute, bestetik, berandu sartu zen batzordean, baina elkartearen agerraldia eskertzeaz gainera, Espainiako Gobernuak prestatu duen Memoria Historikoaren Legearen aurrean erabat kritikoak direla azaldu zuen.

PSE-EEren irudiko, berriz, legeak eztabaida handia eragin badu ere, egokia da. Mertxe Agundez legebiltzarkide sozialistak azaldu zuenez, «gure borondatea frankismoaren biktimen memoria berreskuratzea eta behar bezalako ordaina ematea da, nahiz eta sarritan gure planteamenduak ezberdinak izan».

Bestetik, Iñaki de Juana Chaos euskal presoaren inguruan Alvarezek egin zuen aipamen txiki bat baliatu zuen PPko Carlos Urkijok "Ahaztuak" elkartearen proposamena eta izaera arbuiatzeko.
(Berria. 2006 / 12 / 15)